XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Omenaldiak

BERTSOLARI Eguna badator.

Gainean dugu.

Bihar hamabost izango da.

Hori du Bertsolaritzak bere festa nagusia.

Baina ez du bakarra.

Lehengo igandea ere bertsolari egunaren moduko bat izana dugu.

Bi omenaldi izan genituen egun berean eta elkarren pare-parean.

Bi bertsolari haundi omendu ziren Euskal Herriko bi ez-edozein herritan.

Lapurdiko Sarak loreztatu zuen bat eta Gipuzkoako Tolosak bestea.

Izena baino zerbait gehiago badira euskal-kulturan Gero famatuaren sorlekua eta Lizardi zenaren txokondo mina, Orixek esaten duen bezala.

Eta bi herri horietan omendu zituzten abenduaren hogeitazazpian bi bertsolari haundi.

Haundiak ote gero!.

Badira esan hutsarekin zutik gelditzen diren izenak.

Eta ba ote bertsolaritzan Basarri eta Azpillaga baino zutikago gelditzen den askorik?.

Haundiak dira gizonak, bai kiloz eta bai bertsolariz, eta haundiak dituzte izenak.

Ni Saran izan nintzen eta hangoa esan dezaket.

Ez zioten nolanahiko harrera egin Basarri Jaunari.

Gogoan eta bihotzen zeukaten han gure errezildarra.

Gerrakoan hango neskatxak karesatzen ezagutu zuten errezildarra buru zuriturik agertu bazitzaien ere lehengo igandean, ez zeukaten ahaztua.

Han gogorarazi zizkioten gaztetako kontuak.

Klarita delakoari jarritako bertsoak paperetan zabaldu zituzten eta kantatu ere bai, aspaldi hartan bezalaxe.

Hura giroaren goxoa eta ederra!.

Hantxe bai ez zirudiela tartean mugarik geneukanik!.

Batere ez dakit, baina hausnar-gai goxorik ekarria duela uste dut lehengo horretan Saratik Zarauzko txokora Basarri jaunak.

Tolosan ere badakit gozo ibiliak direla.

Ez da harritzekoa, izan ere, gozo ibiltzea, beste inun bada eta, Azpillagaren ondoan.

Bertsolariek dakite hori beste inork baino hobeki.

Zenbat egun eder eman dien gure Jon haundiak bertsolari lagunei eta herri bertsozaleari.

Bere urtea ederki burutu du Tolosako horrekin.

Berriz ere izan dezagula Azpillagaren urte bat ezagutzeko grazia bertsozaleok.

Zeinen hasera ederra, bertsolarien egun haundi hori girotzeko!.

Tolosakoa eta Sarakoa itzaltzerako, hemen dugu bestea.

Hemen dugu eguna.

Donostia zai dagoke eta ez da bakarrik izango.

Bilduko zaio lagunik Joxe Salaberriak estrainatu zuen Bertsolari Eguna esaten zaion horri.

Bego horretan gaurkoz.

Izango dugu, Jainkoa Lagun, serioski aitatzeko aukerarik.

Joxemari Aranalde